Silvia

Ibai Maritxalar-(r)en eskutik

  • Silvia
  • 34 urte
  • Burgos
  • 30/04/18

Bikote ohiak emandako jipoi izugarri baten ondorioz hila Gamonalen

Gizonak tratu txarrengatik salatu zuen 34 urteko emakumearengandik urrun egoteko agindua zeukan

Ustezko erasotzaileak, 36 urteko gizon kolonbiar bat, urruntze agindu bat zuen emazteak tratu txarrengatik jarritako aurreko salaketa baten ondorioz. Zergatik zeuden elkarrekin aztertzen ari dira, emakumea hiriaren beste muturrean bizi baitzen.

Polizia Nazionalaren Familia eta Emakumearen Unitateak (UFAM) hainbat esku hartze egin zituen emakumearekin hari aholkularitza eta babesa emateko. Gobernuko ordezkariorde Roberto Saizek adierazitakoaren arabera, biktimak konortea galdu zuen jaso zuen eraso biziki bortitzaren ostean, eta lurrean botata geratu zen igande goizaldean, Gamonaleko auzo zaharreko San Anton kaleko kafetegi baten atearen ondoan.

Mediku iturriek berretsi dute emakumea larritasun oso handiko politraumatismoekin iritsi zela Unibertsitate Ospitalera, eta hainbat haustura zituela buruan eta sabel aldean, eta erraiak ere apurtuta zituela. Zirujauek gau osoa igaro zuten operazio gelan. Hasiera batean buruko lesioetatik errekuperatzen saiatu ziren, eta erreanimaziotik igaro ostean, ebakuntza gelara eraman zuten berriz ere, beste ebakuntza bat egiteko. Emakumea bizirik mantentzeko saiakera guztiek porrot egin zuten.

Erasoaren lekuko batek igandeko 02:00ak aldera dei egin zion poliziari. Erasotzaileak alde egin zuen, eta emakumea konorterik gabe aurkitu zuten bi autoren artean. Erasoaren ustezko egilea ordu gutxi geroago atxilotu zuten eta Burgosko Probintziako Polizia Etxean dago, epailearen erabakiaren zain.

Arratsalde honetarako hilketa gaitzesteko hainbat kontzentrazio antolatu dituzte, bai Udalak, bai emakume taldeek. Silvia Plaza bihar, maiatzak 1, lurperatuko dute.

Iturria: Cadena SER
scroll